Zergatik ez dugu denon artean gure gelaren bloga sortzen? Zer? Ez dakizue zer den blog bat?
Blog bat web orri bat da. Blogeko parte hartzaileek euren mezuak bertara igortzen dituzte interneteko sarean ikusgarri gelditu daitezen. Mezuok sortu diren daten arabera ordenaturik agertzen dira, berrienetik zaharrenera. Era askotako blogak daude; esan liteke burura dakizkigukeen gaiak adina blog mota daudela. Bilatzaile batean arakatuz, berehala ohartuko ginateke horretaz.
Ez dut uste besterik esan behar denik blog bat zer den azaltzeko, gainera, aurrera egiten badugu, baten murgilduko gara eta berehala ezagutuko ditugu bere zirrikitu guztiak. Hala ere, inork informazio gehiago behar badu, entziklopedian begira dezala.
Zer argitaratuko dugu blogean?
Segurutik, ideia asko izango ditugu ikasturtean zehar. Hona hemen proposamen batzuk:
- Egindako lanak sarean utzi gure lagunek ikus ditzaten.
- Gelakideen lanen kritikak egin, horrela gehiago ikasiko dute eta lanak hobetuko dituzte.
- Gure iritziak, kezkak, interesak, aholkuak, iradokizunak… plazaratu edonork ezagutzeko moduan.
- …
Batzuk derrigorrezkoak izango dira eta zerikusia izango dute gelan egindako lanarekin eta proiektuekin. Beste batzuk guztiz pertsonalak izango dira, inork agindu gabeak, eta norberaren kezkak islatuko dituzte. Zergatik ez besteei jakinarazi Atletik-en egoera dela eta sentitzen dudan amorrua? Edo nire poza, Aste Santurako plan berriagatik? Edo nire adostasun eza Udalak gazteentzat antolatzen dituen ekintzekin? Edo nire proposamena ikasturte amaierako jaian egiteko? Edo…? Ea, bada, animatzen garen!
Zer jakin behar dugu hori dena egin ahal izateko?
Gauza handirik ez da jakin behar, berehala konturatuko zarete oso erreza dela blog bat kudeatzea. Guk, egin nahi dugunaren arabera, apurka-apurka ikasiko dugu behar dugun guztia. Lehen pausuak ematen hasteko zer egin behar den jakin nahi baduzue, klikatu hemen eta aurrera!
::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::
Zer, erreza izan da, ezta? Beno, ba, ondo ulertu duzula frogatzeko, egin ezazu zure lehen sarrera. Bertan zer kontatuko duzun? Garbi dago, hasiera guztietan egiten dena: zeure burua aurkeztu. A!, eta zure argazkia txertatzeko gauza izango zara? Ala ba, hasi lanean! Gero segituko dugu hau irakurtzen.
::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::
Amaitu duzue aurkezpena? Arazorik ez, ezta? Pare bat kontutxorekin amaituko dugu:
Eta nola jardungo dugu gure blogean?
Arau nagusiak gutxi eta errazak dira, edonori burura dakizkioke, gainera:
- Gure mezuetan mundu guztiarekiko errespetua gordeko dugu. Baldintza hori betetzen ez duen mezuak ez du lekurik izango blogean, eta halako mezu bat idazten duen blogariak parte hartzeko eskubidea gal lezake.
- Gure mezuek gutxieneko interesa izan behar dute. Horretan saiatu behar dugu, behintzat, beti ez dugula lortuko jakin arren. Kasu honetan, “zigorra” zein dugun badakizue: irakurlearen kritika. Ez gaitezen gogorregiak izan!
Beste arau batzuk ere badaude. Posta kontuak eta bloga bera ikastetxe barneko ekintza eta komunikazioetarako sortu dira. Pertsonalak dira, baina ez pribatuak. Horrek bi ondorio dakartza:
- Norberak du bere kontuaren erabilera egokiaren erantzukizuna.
- Irakaslea eta gurasoak erabiltzaile-izenaren eta pasa-hitzaren jakitun izango dira eta edozein momentutan sartu ahalko dira postan.
Ziur asko orain bururatzen ez zaizkigunei ere erantzuna eman beharko diegu, baina hori denborak esango du.
Gaurkoz, hau izan da dena. Ni banoa aurkezpenak ikustera. Izango duzue nire berri! Txintxoak izan.
Jose.
No hay comentarios:
Publicar un comentario