2008/02/07

Hiztegi bat behar duzu?



Batzuetan gerta daiteke zalantzaren bat edukitzea eta aldamenean ez izatea etxeko edo ikasgelako hiztegia. Halakoetan interneten aurki dezakegu irtenbidea, bertan hiztegi pila baitaude “eskegita”. Nola aurkitu, ordea, guk behar dugun hiztegia?



Badakit zer ari zaren pentsatzen: “Zer? Hitz baten esanahia aurkitzeko, lehenengo hiztegia topatu behar? Bai, zera! Bihar galdetuko diot irakasleari eta kito!” Alferrontzi halakoa! Neuk erakutsiko dizut ze erraza den, egin klik hemen eta ikusiko duzu:



Zer? Zure gustuko hiztegia topatu duzu? Pila bat dago, ez da? Zein erabili, baina? Bada, behar dena. Batzuetan bat beharko duzu eta beste batzuetan beste bat. Esan dudanak pellokeria galanta ematen du, baina horrela da. Hiztegi egokia aukeratzen ere ikasi egin behar da. Oraingoz, aholku bi baino ez:

  • Eskolako testu bat edo liburu bat irakurtzen ari bazara eta hitz baten esanahia ez baduzu ezagutzen edo oinarrizko informazioa behar baduzu pertsonaia historiko, leku, fenomeno edo kontzeptu bati buruz, erabil ezazu hiztegi entziklopedikoa.

  • Hitz bat eman behar baduzu gaztelaniaz eta euskaraz baino ez badakizu, edo alderantziz, euskara-gaztelania hiztegia erabili behar duzu.


Hala ere, gogoan izan beste hiztegi guztiak baliagarri izan ditzakezula noizbait. Astia duzunean, beraz, egin ibilalditxo bat web-gune horretatik eta hasi bere auzokoak ezagutzen.

No hay comentarios: